Espeleologo guztien bilgunea Oñati izan zen eta hortik 4x4 ibilgailutan joan ginen barrunberaino. Hotz, euri eta elurrak arazo handiak sortu zizkiguten bertara iritsi eta jarduera egiteko orduan.
Euskal Espeleologia Elkargoak (EEE-UEV) gidatu zuen garbiketa, AMETen laguntzarekin, TAKOMANO, FUE, GAES, Aizpitarte, GEMA, LOGROÑO taldeetako boluntarioak hartu zuten parte, baita independente batzuek ere, guztira 25 lagun.
Behin bertan, hainbat karpa eta olana jarri genituen, gu aldatu eta materiala lur lehorrean utzi ahal izateko. Lantaldea hiru multzotan banatu zen. Lehenengo taldea, sarrerako 12 metroko putzua instalatu eta jaitsi ondoren, zaborraz betetako arrapala garbitzera joan zen; bigarren taldea trakzio sistema muntatzen hasi zen, zaku beteak igo ahal izateko; eta azkenik, hirugarren taldeak zakuak bildu eta gurdiaren eta 4x4aren bidez basoko kamioi batek jaso zezakeen tokiraino garraiatzen zuen.
Bildutako zaborraren artean hozkailuak, garbigailuak, gurpilak, kupelak, burdinazko egiturak, arantza-alanbrea, sehaskak, eltzeak, kristalezko eta plastikozko botilak … Hondakin guztien batura 2,5 tona ingurukoa izango zen, proiektu hau hasi aurretik aurreikusten genuen tona baino dezente gehiago.
Talde-lan onaren ondorioz, zaborra egun berean garbitu zen. Horrela, arratsalde erdirako kanpoan geunden egindako muntaia guztia biltzen.
Astean zehar, basoko kamioi batek Muñakolatzako zelaian aurkitutako hondakin guztiak bildu eta Araotz auzoko edukiontzi batzuetara eraman ditu. Horrela, Debagoieneko mankomunitateak eramango ditu azkenean hondakinak zabortegi bateraino.
Garbiketa aurreko eta ondorengo egoera
Eskerrak eman nahi dizkiegu UEV-EEEren jardueran parte hartu duten boluntario guztiei, Debagoieneko mankomunitateari, Gipuzkoako Aldundiko basozain eta Eusko Jaurlaritzari emandako diru-laguntzagatik. Era berean, lursailen jabeei eskerrak eman nahi dizkiegu garbiketan erabiltzeko aukera emateagatik.