Asteburu honetan Lizartzara bueltatu gara. Hilabete  batzuk igaro dira Lizartzan izan ginen azken aldetik eta bagenuen gogoa bueltatzeko. Azken sifoia zeharkatzen utziko digun galeriaren bat aurkitzea dugu helburu eta horretarako begiz jota ditugun “leiho” batzuetara eskalak egiteko asmoz sartu gara.Larunbatean sartu, esploratu, bibakean lo egin eta igande eguerdi alderako irten. Hori plana!

Beste egun batzuetan ez bezala gaur 8tan gelditu gara lokalean. 9:30tako koban sartu eta 12tako bibakera heldu gara.

Goiko galeria eskalatzen

Segituan lehenengo eskalada egingo dugun tokira abiatu gara.Honetan ezer aurkitzen ez badugu, bigarrenarekin saiatuko gara. Hasieran eskaladari “antza” hartzea kostatu zaigu. Aukera ezberdinak eta bat ere ez garbia. Azkenean lortu dugu, eta hasieran itxura handirik ez zuela bazirudien arren, aurrera jarraitu dugu galeria berri batetik. Metro batzuk aurrerago salto bat eta gela handi bat. Hiruron aurpegietan nabari da pentsamendu bat: hau izan daiteke bidea! Gelak behera egiten du koladazko malda aldapatsu batetik eta beheko aldean galeria batek aurrera egiten du gour ikusgarriz josita. Azkena benetan ikusgarria. Alde guztietatik begiratu dugu. Beste aldera igaro behar dugu beste aldean galeria bat ikusten bait da. Txikia baina aurrera egiten duena. Aurrera jarraitzeko bidea izan daitekeena. Paparreraino ura bai, eta ez gara ausartu. Buzo lehorrak beharko ditugu hau zeharkatzeko.

21:00k aldera bibakera bueltatu gara. Bide batez ikerketarako koban jarri beharreko sentsorea instalatu dugu. Afaldu eta lotara.

Gelaren zati bat

Igandean hartu dugu sorpresa! Goizeko 8:30 prest gaude alde egiteko, baina abiatu eta segituan ditugun susmoak konfirmatu ditugu: erreka oso hazita dator! Inoiz ez dugu horrela ikusi! Badirudi euri asko egin duela kanpoan (Gero jakin dugu iragarrita zegoenaren bikoitza egin duela larunbatean). 5 minutu hitz egin ondoren, zuhurtasunez jokatzea erabaki dugu. Badakigu igande eta astelehenean ez duela euririk egingo eta ur maila jaistea denbora kontua dela. Bibakera bueltatzea erabaki dugu. Leku epel eta seguruan gaude. Itxarotea beste zer eginik ez, eta deskantsatu eta jan egin dugu. Gure ardura bakarra … kanpokoen urduritasuna. Lasai egoteko esateko erarik bageneuka behintzat … Arratsaldeko 8retako irteten ez bagara, erreskate abisua emateko agindua dute.

Eguerdirako badirudi ur maila dezente jaitsi dela. Arratsaldeko 16:30tan irteteko saiakera berri bat egingo dugu.

20:10tan, taldekideak gau luze baterako prestatzen ari zirenean, mezua bidalita: Irten gara! Ondo gaude!

Kanpokoak pozik lasaitu ederra hartu dutelako. Barrukoak baita; umorez, arduraz eta arriskurik hartu gabe egoera kudeatzen jakin dugulako.

Zeharkatu gabe utzitako azken putzua

Zeharkatu gabe utzitako azken putzua

 

Argazkiak: AMET